top of page

 

GOIKO,

IXILTASUNAREN ARTELARIA

Zurpetaren munduan sartzeko, iragaiten den denbora ahantzi behar da.

Eta ixiltasunean sartu.

Goiko-k bide hori hautatu du, itsas ondarra eta uhainen gorabeherak kondatzeko, lurraren argia, ur biziaren joan-jinen mezulari bilakatzeko ; bere artelari bidaian topatu arimen soslaia orraztatzeko.

Ixiltasunaren bidea, kaia batzuetan jaioa, itsas eta lurraren artean kokatua, abots suhar eta ozenen oihartzunean, beti harateko eta honatekoetan asmatua...

Hemen, esku trebe batzuek etengabean josten dituzte itsas haztaile eta lanak urratutako sare zabal emankorrak... esku-aire xumea, biziari doakona, haurrak sekulan ahantziko ez duena.

Bere karrika, bere portua eta lurra uzten ditu, munduaren punta puntara hegaldatzeko, itsu-mutsuka Ameriketako eremuen zeharkatzeko.

Han, Indietako esku zalu batzuek sendiarazten diote, umilki, nahas-mahas izadiaren uzta gozoa, hari piru nabarren juntatzeko eta kurutzatzeko artea.

Ipuinaren josturak adiarazten du biziaren edertasuna, gizonen miseriaren aurrean eta haren aurka.

Bi mundu horiek, zubi batek bereizten ditu eta Goiko-k, kulturen kurutzatze hortaz aberasturik, gibelerateko bidea hautatzen du, sorkuntzaren hazia ereinez, bide nabar aurkitzen dituen alor jorietan.

Artelari baten zilborhestea, Goikoren egunetik egunerako abiapuntua...

Eskulangile eta bidaialari baten umiltasunarekin, lurrak eta itsasoak eskaintzen dizkion kolore eta ekaien nahasketak bereganaturik, trebatuko da, bihotzetik eta ahurretik hain hurbil dituen altxor preziatuenekilan.

Bere helburua : hemengo biziaren ehaintzea, bizi bat ondarra eta itsasoa bezain legun eta barnakor, edo latza, urrakorra eta urratua, itsasoa eta zeruaren artean zintzilik dagoen arima bat irudi, denboraren atzekaldean, ixiltasunaren getari.

Ilekiz, zerdaz edo kotoiez eginikako oihalak, batzuetan, egurra, seska edo berdin hari ziztaduna topatzen ditu... zizel-obra apaindua bilakatzeko.

Orotan, edertasuna eta indar bizikorra ontzen dira, sortzaileari begi bistara heldu zaizkiolarik hutsgune edo itzal batzu. Hauek, bere eskuz bermoldatzen, arramugitzen ditu bestelakatzerainokoan... Hutsa, nahigabetarik egina eta garaitua, horrek emanen dio obrari, norberaren berezitasun landua.

Gelditu gabe, erliebea eta loditasunak indarra mugiarazten dute, zurrunbaka, uhaitz bat denboraren bidetik jauzika badabilan bezala, azkenean beti bere iturbegira itzultzeko. Arrabotsik gabe.

Bide nabar, bakarrik, bere baitako alor sekretuenetan, artelariak oin-hatzak uzten ditu, ixiltasunaren lekuko. Ezin ahantzizkoak.

 

Kattalin TOTORIKA

 

Goiko-Zurubia-L'Echelle-basses lices

Zurubia-basses lices-laine, cotonc, noisetier-300x70cm

Goiko, artiste basque, dessin,

tapisseries contemporaines, licier en haute et basse lice, sculpteur, sculptures sur bois d'ajonc d'Europe,

Ulex Europaeus en latin, Otia en Euskara, Basque,

détourneur d'affiches pour l’embrouille du regard dans la trilogie presse, cinéma, publicité, en Pays Basque, Euskal Herria.

© Toutes le œuvres présentes sur le site sont protégées par les lois du copyright, leur utilisation et/ou reproduction sans l’accord de l’artiste est interdite

bottom of page